Azken hilabeteotan lanean aritu gara UPV/EHUko indarkeria matxistaren aurkako protokolo berriaren prozesuan. Berdintasunerako Zuzendaritzak uda aurretik martxan jarri zuen prozesu honetan unibertsitateko eta kanpoko hainbat eragile eta norbanako parte hartzen ari gara. Hurrengo asteotan hainbat saio egingo dira, zentro eta fakultate ezberdinetan, ikasle eta langileei zuzenduak. Hauen helburua denon iritzia jasotzea da, hala nola ideia eta proposamenak: zer gertatzen ari da unibertsitatean? Ze indarkeria matxista mota dira ikusezinak bertan? Nola egin beharko genuke berauei aurre egin eta aldez aurretik ekiditeko? Ze mekanismo eta baliabide behar ditu unibertsitateak? #USVreact proiektutik aktiboki parte hartzen dugu prozesu honetan eta espero dugu honek laguntzea ahalik eta protokolo bateratuena izaten, behar ugari jasotzeko gaitasuna duena. Lantaldeak, halaber, posta elektronikoa ireki du (indarkeriamatxistauni@gmail.com) eta bertara ere zuzendu ditzakezue zuen iradokizunak.