Kartela Apirilak 7#USVreact proiektutik jardunaldia antolatu dugu apirilak 7rako, ostiralarekin, Ibaetako kanpusean, Donostian. Izenburu bezala “Indarkeria matxisten aurpegi ezberdinak hemen eta orain” jarri diegu, hain zuzen ere gure ingurunean gertatzen denaren inguruko hausnarketa izatea nahi dugulako. Unibertsitatean egiten ari garen formazioekin uste dugu ari garela espazio txikia irekitzen indarkeria sexualek gurean hartu dezaketen formen inguruan eztabaidatzeko, hala nola eraldaketarako estrategiak bilatzeko. Hala ere, uste dugu merezi duela eztabaida hau unibertsitate komunitate osoari irekitzea, ikaslego, irakaslego zein langile denei. Horregatik jardunaldi ireki hau.

Jardunaldian gonbidatu ezberdinen ekarpenaz ikasi ahalko dugu. Guk geuk #USVreact europar proiektua aurkeztuko dugu, orain arte egin duguna azalduz. Leire Ugalde eta Arkaitz Zubiri EHUko irakasle eta ikerlariek gazteok eta sextingaren inguruan azken bi urteetan burutu duten ikerketaren inguruan arituko zaizkigu, lehen ondorioak gurekin partekatuz. Edurne Jimenez ere arituko da, Asociación Candelako kidea eta jada amaitua dagoen GAP Work europar proiektuan aritua eta militante feminista dena. Bere esperientzia oinarri, hezkuntza espazio ezberdinetan indarkeria matxistaren inguruan eragiteko klabe batzuk emango dizkigu. Horren ostean, Alixe Rodriguez Gil eta Idoia Legarretak, indarkeria matxisten prebentzioan adituak direnak, eztabaida-tailerrak dinamizatuko dituzte, unibertsitate esparruan dugun esperientziaren inguruan hausnartu eta estrategien inguruan pentsatzeko. Tailerrak egiteko hiru taldetan banatuko gara, emakumeentzako talde ez misto bi (bata euskaraz, bestea gazteleraz) eta mutilentzako beste bat (parte-hartzaileen arabera erabakiko dugu hizkuntza).

Jardunaldietan parte hartzea erabat irekia da eta ez duzue izenik eman behar. Eskertuko genizueke deialdia zuen kontaktuen artean zabaltzea. Milesker eta bertan ikusiko dugu elkar!