Informazio osoa eta eguneratua hemen topatu dezakezue

Badira ia bi urte USVreact (Universities Supporting Victims of Sexual Violence) proiektua martxan jarri genuenetik, atzo izan zela dirudi!. 2016ko martxoan martxan jarri ginenetik gauza dexente egin ditugu: sare lokala bildu zuei proiektua aurkeztu eta iritziak jasotzeko; hainbat aditu/aktibistekin formazio eredu bat antolatu unibertsitateko irakasle eta bestelako langileei eskaintzeko; ikastaroak eskaini eta ebaluatu; ikasleei zuzendutako galdetegi bat; jende askorekin eztabaidatu jardunaldi, aurkezpen eta kongresutan; EHUko protokolo berriaren berridazketa prozesuan parte hartu; nazioarte mailan gure esperientzia elkarbanatu eta besteena entzun…

Ezinbestekoa iruditu zaigu bidaiaren fase hau amaitzen ari den honetan zuekin elkarbanatzea bidean bururatu zaigun hainbat ideia eta baita aurkitu ditugun bidaide batzuen esperientzia. Hori dela-eta, hurrengo urtarrilak 26an jardunaldia antolatu dugu Donostian, Ibaetako kanpusean, “Indarkeria sexuala unibertsitatean, hausnarketa eta ideiak mugimenduan” izenburupean. Gure proiektuan sortutako ziurtasun eta zalantzak konpartituko ditugu, Edurne Jimenez Catalunyako #USVreact taldekoak haienak kontako dizkigu, Patsili Toledo eta Montse Pinedak “El abordaje de las violencias sexuales en Cataluña” beraien lana aurkeztuko digute, eta EHUko protokolo berrirako sesioak dinamizatzen aritu den taldea ere gurekin izango dugu, besteak beste. Gure formazio eredua aurkezteko beta izango dugu ere. Egitarauari azken ikutuak falta zaizkio, hortan ari gara.

Oraindik denbora dexente falta da, eta tartean urteari agur esan eta 2018ari ongi etorria eman behar diogula badakigu, baina zuengana jo nahi genuen zuen agendetan data gordetzeko behintzat.

Hortaz, kontutan izan:

Urtarrilak 26, goizeko 10etan, Ibaetako Hezkuntza Filosofia eta Antropologia fakultateko Gradu Aretoan, Indarkeria sexuala unibertsitatean, hausnarketa eta ideiak mugimenduan” jardunaldia agendarako. Nahi baduzue, hemen bertan izena eman dezakezue jada!

Han ikusiko gara beraz. Bitartean agur bero bat